XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, barandari gogor eutsita, zain geratu zen.

Komisarioa, udaletxeko atalondoan zutik, hizketan ari zen, eskuak mugituz, erantzute eginez, ohiko ahots zuri eta bihozgabea berreskuratuta.

- Ergelak, sasikumeak!

- Ezer ulertu ez eta muturra sartu behar duzue honelako auzi batean, estatuaren auzi batean!

- Astakiloak!

- Eskerrak eman behar dizkidazue, nire oinetara makurtu nire ontasunagatik!

- Nik nahi izanez gero, espetxera joango zinatekete denak...

Hogei bat mujik ziren han, txanoa erantzita, entzuten.

Iluntzen ari zuen, hodeiak beherago zeuden.

Begi-urdina atalondora hurbildu zen eta, hasperen egin ondoren, amari esan zion:

- Begira nolako gauzak gertatzen diren hemen...

- Ba-ai arrapostu zuen amak ahapeka.

Hark begiratu tolesgabea egotzi, eta galdetu zion:

- Zertan aritzen zara?

- Farfailak erosten dizkiet emakumeei, eta oihalak ere bai...

Mujikak poliki laztandu zuen bizarra.

Gero, atalondo aldera begiratuz, gogaituta eta ahots apalez esan zuen:

- Hemen ez duzu horrelakorik aurkituko...

Amak burutik oinetara aztertu zuen eta gelara itzultzeko une egokiaren zain geratu zen.

Mujikaren aurpegia pentsakorra eta polita zen, begiak tristeak.

Bizkar-zabala eta garaia zen, soinean goitik behera adabakiz jositako beroki zaharra zeukan, perkalezko alkandora garbia, oihal gorriskaz egindako nekazari galtzak, eta zapata apurtuak oin biluzietan...

Amak, zergatik jakin gabe, arnasa hartu zuen arindurik.

Eta bat-batean, pentsamenduari aurrea hartu zion bihozkada zehazgabe bati men eginez, bere burua ere ezustean harrapaturik, galdetu zion:

- Eta zer, ba dago zure etxean gaua egiterik?

Galdetu eta barnean dena, gihar eta hezur, atezuan zurrun gelditu zitzaion.

Gorputza zuzendu zuen, begiak mujikarengan finko jarrita.

Amaren burutik hainbat gogoeta eztenkari igarotzen zen ziztu bizian: